top of page
DSC06586.JPG

URA

Acceso al agua.jpg

Munduan 2.000 milioi pertsonak baino gehiagok ez dute modu seguru batean kudeatutako  edateko urik.

Gaur egun, 2.000 eta 3.000 milioi pertsonek ur eskasia izaten dute urtean hilabete batez gutxienez. Horrek arrisku larriak dakartza haien biziraupenerako baliabideentzat, bereziki elikagaien segurtasunarentzat. Gainera, 1.400 milioi pertsona, horietatik 450 milioi haur, kalteberatasun hidriko handiko edo oso handiko eremuetan bizi dira.

 

Herri askotan, Afrikan zehazki, ura izateko giza eskubidea ez da betetzen ezta babesten ere. Afrikako Kontinentean bizi direnen 411 milioi pertsonak oraindik ez dute edateko uraren oinarrizko zerbitzurik; eta hiri eta hirigune ugaritan, zailtasun handiak daude biztanleriari edateko uraren hornidura bermatzeko.

Agua y cambio climático.jpg

Hondamendi naturalen % 90 urarekin erlazionatuta daude.

Azken hamarkadetan, klima-aldaketak prezipitazio eta uholde handiagoak eragin ditu, lehorte ohikoagoak eta larriagoak, glaziarren desizoztea bizkortzea eta uraren kalitatea hondatzea eragin du, muturreko baldintza meteorologikoen ondorioz. Kalkuluen arabera, mende honetan 1.500 milioi pertsonak lehorteak jasan dituzte modu zuzenean, gehienak Afrikako herrialde pobretuetan.


Klima-aldaketak prezipitazio-erregimenean aldaketak eragiten ditu, baina hori ez da faktore bakarra. Deforestazioa, agrokimikoen erabilera, nekazaritza intentsiboa, nekazaritzako jardunbide txarrak eta ur-baliabideen kudeaketa eskasa eragin handia dute ere. Horren ondorioz, ur seguru gutxiago dago eta, beraz, migrazioak eta gatazkak areagotu egiten dira, eta zailagoa da saneamendu- eta higiene praktika egokiak egitea. 

Agua e infancia.jpg

Egunero 5 urtetik beherako 1.000 haur baino gehiago hiltzen dira ur eta saneamendu zerbitzu desegokiekin erlazionatutako gaixotasunengatik.

Afrikan milioika haurren bizitzak arrisku handian daude urarekin lotutako hiru mehatxuren konbinazioagatik: ur- eta saneamendu-zerbitzu desegokiak, zerbitzu horien prekarietatearekin lotutako gaixotasunak eta klima-arriskuak.

Ur segururik ez izateak eragin negatiboa du osasunean, nutrizioan, hezkuntzan eta bizitzako gainerako alderdietan, bereziki haurrengan. Uraren eskuragarritasuna bizirauteko funtsezkoa den giza eskubidea da, elikadura eta arreta medikoa bezala.  Gainera, egunero milioika haur, neskak batez ere, eskolara joateko edo familientzako ura hartzeko aukera egitera behartuta daude. Haur batek inoiz egin beharko ez lukeen hezkuntza eta osasunaren arteko aukera bat da hori.

Agua y mujeres.jpg

Munduko 61 herrialdetan, emakumeak arduratzen dira ura 10 etxetik 8ra eramateaz.

Emakumeak, eta neskak orokorrean, zaurgarriagoak dira urarekin lotutako arazoekiko. Haien ardura da etxeko oinarrizko beharretarako ura biltzea, eta hori lan geldoa, arriskutsua eta fisikoki gogorra izan daiteke. Urik ez duten etxeen % 80an, ura eramateko erantzukizuna emakumeei eta neskei dagokie.


Kasu askotan, ura biltzen emandako denborak eta energiak emakume eta neskei eragotzi egiten die eskolara joatea edo diru-sarrerak sortzea beste lan batzuk eginez. Gainera, ura biltzeak eragin negatiboa du emakumeen osasunean, ordu luzez karga astunak garraiatu behar baitituzte. Ura eskura ez izateak emakumeen eta nesken osasunerako arriskuak areagotzen ditu, hilekoaren kudeaketa segurua mugatuz. Zenbait gaixotasun infekziosoei aurre egiteaz gain, beste arrisku batzuk ere jasaten dituzte emakumeek uraren bila doazenean: erasoak, indarkeria eta lesioak esatebaterako. 

Intro.jpg

Munduan 2.000 milioi pertsonek gorotz-edukiekin kutsatutako giza kontsumorako ur iturriak erabiltzen dituzte.

Ur garbia eta eskuragarria izatea oso garrantzitsua da osasun publikorako, edateko, etxean erabiltzeko, elikagaiak ekoizteko edo aisiarako erabiltzen bada ere. Hala ere, herrialde askotan ur-grisak zuzenean itsasora edo ibaietara isurtzen dira inolako tratamendurik gabe. Gorotz-edukien ondorioz uran sortzen den mikrobio-kutsadurak arrisku handiagoa dakar saneamenduari eta gaixotasunen transmisioari dagokionez.

 

Kalkuluen arabera, Afrikan 779 milioi pertsonak ez dute oinarrizko saneamendu-zerbitzurik. Ur segurua eta nahikoa ezinbestekoa da testuinguru honetan beherako gaixotasunak ez ezik, arnas infekzioak eta urtero milaka heriotza eragiten dituzten baztertutako gaixotasun tropikal ugari ekiditeko. Segurtasunez kudeatutako ura eskuratzea Saharaz hegoaldeko biztanleriaren %30entzat bakarrik da posible.

Agua y área urbana.jpg

2.400 milioi pertsonak ur eskasia izango dute 2050ean hiriguneetan.

Datozen hamarkadetan, hiriguneek munduko biztanleriaren hazkunde guztia jasoko dutela espero da. Hirien jasangarritasunari eragiten dioten ur-arazo nagusi bi daude: ur osasungarrirako eta saneamendurako sarbide eza, eta urarekin erlazionatutako hondamendien areagotzea, hala nola uholdeak eta lehorteak.

Afrikako kontinenteko hiriguneetan bizi diren pertsonen % 60 inguru auzo informaletan bizi dira. Leku horiek ez dute oinarrizko zerbitzuetarako sarbiderik izaten, hala nola hornidura elektrikorako eta saneamendu-zerbitzuetarako edota edateko urerako. Aurreikuspenen arabera, 2050. urterako Afrikan 1.300 milioi pertsona baino gehiago hirietan biziko dira, eta biztanleria handitu ahala, ur-eskaria handitu egingo da ere.

Agua y migraciones.jpg

Mundu mailako migrazioaren hazkundearen %10 ur faltari dagokio.

Migrazio mugimendu batzuk ur gehiegi dagoenean gertatzen dira, itsas mailaren igotzen denean edo tsunamiak eta uholdeak gertatzen direnenan. Beste migrazio mugimendu batzuk berriz, ur nahikorik ez dagoenean gertatzen dira. Klima-aldaketak uraren munduko krisia bizkortu ahala, areagotu egiten da beste lurralde batzuetara migratu behar duten pertsonen kopurua, eta, beraz, handitu egiten da ere ingurune horietako ur-eskaria.

Munduko 17 herrialdek, mundu osoko biztanleriaren % 25, muturreko estres hidrikoa pairatzen dute. Lehorte errepikakorrak tokiko biztanleen bizibideetan eragiten du, bereziki landa eta nekazaritza testuinguruetan, hala nola Saharaz hegoaldeko Afrikan. Faktore hauek migrazio mugimenduak eragiten dituzte familiek lehortearen aurrean bizirauteko aukera hobeak bilatzen dituztenean.

Presión demográfica (1).jpg

Azken 40 urteotan, uraren erabilerak % 1 egin du gora mundu-mailan urtero.

Nekazaritzak munduko ur-erauzketaren % 70 suposatzen du gaur egun. Kalkulatzen da, hazkunde demografikoaren, garapen sozioekonomikoaren eta kontsumo-patroien aldaketen ondorioz, ur-eskaria % 30 gehiago haziko dela 2050. urterako.

Ur-eskariaren portzentai handi bat populazioaren hazkundea handiagoa izango den lurraldeetatik etorriko da, Afrikaren kasuan bezala, batez ere biztanleriak modu jasangarrian ura eta saneamendu egokia lortzeko aukerarik ez duen eskualdeetatik. Ura bezalako baliabideen eskaria handitu egingo da bizi-itxaropen handiagoaren, merkataritzaren globalizazioaren eta kontsumoa sustatzen duen publizitatearen ondorioz.

Agua y privatización.jpg

Munduan 2.000 milioi pertsona baino gehiagorentzat, lurpeko ura da haien ur-iturri nagusia.

Afrikako kontinenteren lurpeko akuiferoek gainazalean dagoena baino 100 aldiz ur gehiago dute. Hala ere, zenbait eskualdetan ateratako lurpeko ur kantitateak askotan karga-tasa naturalak gainditzen ditu. Azken hiru hamarkadetan, lurpeko uren agortzeak 56 eta 362 km3 arteko eraldaketa izan du urtero.

 

Ura, baliabide gisa, beren ustiapenarekin negozioa egin nahi duten korporazio eta erakundeentzat helburu bihurtu da tokiko herrien kontura, kasu askotan landatarren eta pobretuen kontura. Badago industria bat, zeinak, uraren beharra ezagututa, ura ustiatzen duena etekina ateratzeko. Afrikako Adarreko jende gehiena ur pribatizatuaren menpe dago, eta familia askorentzat gero eta eskuraezinagoa da ura lortzea bere kostu handia dela eta. Askotan, edateko ura bermatuta ez dagoen lekuetako biztanleek prezio oso garestiak ordaindu behar dituzte ura eskuratzeko: haien osasunarekin eta lan-indarrarekin, emakumeak eta neskak kaltetuenak izanik.

Gustatuko litzaizuke "URA" zure espazioan erakustea? 

Herritarren sentsibilizazioa oso garrantzitsua da Derandein Fundazioarentzat. Erakunde publikoa, pribatua edo bestelakoa bazara, mundu osoko eta Afrikako uraren egoeraren berri emateko interesarekin, ez izan zalantzarik gurekin harremanetan jartzeko.
URA/AGUA erakusketa izaera ibiltariarekin diseinatuta dago, eta tamaina desberdinetako espazioetara egokitu daiteke, bai kanpoaldekoetara, bai barrukoetara. Lagapena doakoa da.

bottom of page