top of page
Derandein Fundazioa

Nekazaritza komunitarioaren bilakaera Nkawasiro eta Atapar Down komunitateetan (Kenya)


Urtebete geroago, Kenyako Nkawasiro eta Atapar Down komunitateetan garatzen ari garen proiektua fruituak ematen hasi dela esan dezakegu. AUARA Empresa Social eta Barclays enpresen arteko lankidetzak 2020an ahalbidetu zuen nekazaritza proiektuak abian jartzea komunitate horietan, uraren eskuragarritasuna bermatuz. Proiektu honen bitartez, ur-putzu bat zulatu zen, energia berriztagarrietan oinarritutako ponpaketarekin, eta elikagaiak ekoizteko beharrezkoak ziren beste azpiegitura batzuk eraiki ziren, hala nola ureztatze-sistemak, ur-deposituak eta hesiak.


Komunitate hauek dauden eskualdean, Ipar Turkana, eremu lehor edo oso lehor gisa sailkatzen da. Eremu honetan lehorteak dira garapenerako oztopo nagusia. Testuinguru honetan, non gainera, biztanleri gehiena nomada edo seminomada den eta artzaintzarekiko menpekotasun oso handia duen, nekazaritza proiektuak gauzatzeak oso eragin positiboak izan ditu bi komunitateetan.


Azpiegitura horien bitartez, familientzako elikagai nahikoak, seguruak eta kalitatezkoak ekoizten hasi dira. Zehazki, orain arte papaia, kalabaza, berenjena, tipula, tomatea, espinaka, kundea eta sandia ugari ekoiztea lortu da, eta baita zenbait sendabelar ere, halanola, moringa. Eta guzti hau produktu kimiko erabili barik, komunitateek ongarri organikoa ekoizten baitute.


Hala ere, elikagaien ekoizpena ez da onura bakarra. Izan ere, familientzako eta abereentzako ur garbia eta segurua izatea lortu da. 2.450 pertsona inguruk azpiegitura horiei esker eskura dezakete ura, eta, horren ondorioz, gaixotasun batzuk murriztu dira, hala nola gaixotasun gastrointestinalak; emakumeek komunitateko erabakietan parte hartzen hastea lortu dute, denbora gehiago baitute eta gainera komunitateak elkarrekin lan egiten hasi dira azpiegiturak eta baratzeak zaintzeko. Zentzu horretan, komunitate-taldeak indartu dira, hala nola, Urak Kudeatzeko Komisioak, putzuetako ur-baliabideak kudeatzeaz, mantentzeaz eta gainbegiratzeaz arduratzen direnak, edo emakume eta gizonen nekazaritza-taldeak, produktuen kudeaketa eta merkaturatze lanak egiten dituztenak.


Aipatzekoa da gurekin lan egiten duen tokiko erakundeak, San Pablo Apostol Community Mission (MCSPA), egiten duen lana, oso erantzun onak dituzten proiektuak gauzatzen dituztelako.

Comments


bottom of page