top of page
Derandein Fundazioa

Tanzanian osasun menstruala sustatzearen alde egiten dugun lana zabaltzen dugu


Duela hilabete batzuk proiektu bat jarri genuen martxan, osasun menstruala sustatzeko eta, horrela, nesken eta nerabeen absentismoari eta eskola-desertzioari aurre egiteko. Kontuan hartuz, Tanzanian, neska nerabeen absentismoaren eta eskola-desertzioaren arrazoi nagusietako bat hilekoaren higiene produkturik ez izatea dela, eta osasun menstrualari buruzko heziketarik ez izatea ere, Derandein Fundazioan osasun menstrualaren sustapenaren alde lan egiten jarraitzea beharrezkoa ikusten dugu. Hori dela eta, Tanzanian daukagun bazkide lokal batekin batera, Enhancing Access to Health for Poverty reduction in Tanzania (EAHP Tanzania) erakundea, Mwanza hirian lan egiten duena, proiektu bat martxan jarriko dugu. Proiektu honek,  emakumeen kolektiboari, bereziki neskei eta nerabeei, higienerako eta osasunerako baliabide jasangarriak eskura izatea bermatuko du.


Proiektuak sinergiak sortzen dituzten hiru esparrutan egituratzen du bere esku-hartzea: hezkuntza-ekosistema, gizarte-ekintzailetza eta komunitatea. Proiektu hau Igogo auzoan gauzatuko da. Auzo honetako ikastetxeetan egingo da lan, eta, horri esker, haurrek eta nerabeek osasu eta higiene menstrualari buruzko informazioa jaso ahal izango dute, eta baita hileko osasuna zaintzeko baliabideak ere. Horretaz aparte, proiektuak Igogo auzoko emakumeek zuzendutako konpresa berrerabilgarri eta jasangarriak ekoizten dituzten ekimenei buruzko prestakuntza ere proposatzen du. Modu honetan, ikastetxeei konpresak emango zaizkiela bermatuko da, haur eta nerabeen artean doan banatzeko. Ekoizpenaren beste ehuneko bat eskualdeko tokiko merkatura bideratuko da, saltzeko eta diru-sarrerak lortzeko, negozioen iraunkortasuna ahalbidetuz. Gainera, haur eta nerabeak askatasunez eta segurtasunez eskuratu dituzten ezagutza eta baliabideak aplikatu ahal izateko, beharrezkoa izango da familia, eskola eta komunitate ingurunea izatea, prozesu horretan neskatoei eta nerabeei laguntza emango diena. Horregatik, sentsibilitate komunitarioa sortzeko eta hilekoaren inguruko estigma hausteko ekintzak ere planteatzen ditu proiektuak.


Derandein Fundaziotik eskerrak eman nahi dizkiegu Irungo Udalari eta Getxoko Udalari ekimen hau martxan jartzen laguntzeagatik. Zalantzarik gabe, eragin handia izango du, eta emakumeek, bereziki neskek eta nerabeek, osasun eta higiene menstruala zaintzeko baliabide jasangarriak izatea lortuko dugu.

Comments


bottom of page